Uraren ibilbidea

Segura Erdi Aroko hiribildua izanik, azpimarragarria da urak harresiz barruko bizian izango zuen garrantzia, egun ere herrian bertan ikusten diren putzu kopuru handia horren testigu delarik. Baina hala ere, ura harresi barruan izatea bezain garrantzitsua zen harresiz kanpo edukitzea behar beharrezko baliabidea baitzen. Gainera, Segurako ekonomia osatuko zuten lanbide ezberdinek ere bertan izango zuten kokalekua, hala nola burdinolek edo ur errotek. Jarraitu irakurtzen

Gaur egun, ura bizi iturri zen garaia ahaztu gabe, Seguran uraren ibilbidea deiturikoa burutu daiteke. Ibilbide horretan zehar Segurako historiak Oria ibaiaren ertzean utzi dituen arrastoak ikus daitezke, modu horretan hiribilduaren, herriaren beraren, garapena uler daitekeelarik: ibilbidea Zeraingo portalean bertan hasten da, hau igaroz, Madura aldera, garai bateko harresiz kanpoko eremura pasatuz. Ibilbideak Segura eta Zegama lotzen dituen bidegorrian du jarraipena, aurretik Segurako presa eta garai bateko kaltzadan barrena igarotzen delarik. Tarte horretan Lilirikuko pikota (harrizko zutabea, garai batean epaiketa zain zeudenak jendaurrean erakusteko tokia) eta Arrabiolako burdinolaren arrastoak topatuko ditugu, azken hau izango delarik atzera berriz ere Segurako herrirantz itzultzeko puntua. Bueltako bidea Oria ibaiaren beste ertzetik burutzen da eta bertan lixiba tokiak, aldaparoak, Armaolako errota eta Segurako historian kokaleku garrantzitsua den San Andres ermita topatuko ditugu besteak beste, berriz ere goiko atetik sartu eta arrabalean behera Santa Krutz ermitara iritsi arte.

Ordutegia: Erreserbak egiteko Turismo Bulegora deitu (943 80 17 49).

Iraupena: Ordu t´erdi (4,6km)

Gutxieneko taldea: 15 lagun

Prezioa: 3 €

Egin zure erreserba