Gazta

Nekazaritzarekin batera, artzaintza ere bizibiderik garrantzitsuenetakoa izan da Goierrin. Zeraingo artzainek Idiazabal gazta egin izan dute eta oraindik ere badira hainbat artzain. Turismo Bulegoak hauetariko bi bisitatzeko aukera ematen du. Jarraitu irakurtzen

Basazabalgo Jabier Muñoa artzainak bere etxeko ateak zabaltzen dizkio Idiazabal gazta nola egiten den ezagutu nahi duen orori. Aitona Patxi eta Julian aitaren erakutsiak gaur egungo jakintza berriekin osatuz, goi mailako gazta egiten dute Basazabalen. Etxe inguruko larreetan eta Aizkorri magaleko Oamendiko herri lurretan bazkatzen dute Basazabalgo ardiek.

Usurbilgo Jon eta Sarako Martina artzain gazteak dira, hiriko bizitzatik ihesi artzaintza ikasketak egin eta Zerainera bizitzera etorri direnak. Beraien ardiek Zeraingo zelaietan bazkatzen dute neguan; uda pasatzera, aldiz, Aralargo zelaietara abiatzen dira.

Gaztandegi hauetan, bisitariei, ukuiluko lanak, ardiak jetzi, gazta … hau da, artzain lanak nola egiten diren erakutsiko digute. Horrez gain, Idiazabal Gazta Jatorri Izendapenezko gazta onenak lortzeko sekretuak ere argituko dizkigute. Bisitan zehar, larre, arditegi, jezteko sistema, kuba, gatzagia, moldea, prentsa, kamara t eta bestelakoak bisita ditzakegu.

Euskal Herriko artzainak nola lan egiten duten zuzen-zuzenean ikusteko eta beren lanaren emaitza den gazta paregabea dastatzeko aukera ezin hobea da Zeraingo gaztandegi hauetarako bisita.

 

Ordutegia: aurrez hitzartu behar da turismo bulegora deituta (943 80 15 05)

Iraupena: ordu t´erdi

Gutxieneko taldea: 15 lagun

Prezioa: 4 €

Egin zure erreserba