Izan zaitez meatzari

Esperientzia honi esker, bertatik bertara ezagutu ahalko duzu nola ustiatzen zen burdina Aizpeako meategietan, eta, gainera, meatzaritza lanetan jarduteko aukera izango duzu, burdin-minerala zerorrek bilatu eta aterako baituzu. Ondoren, babarrunak meatzariek prestatzen zituzten bezala dastatzeko parada izango duzu. Hori guztia, Burdinaren mendiko inguru ederrean. Jarraitu irakurtzen

Hasteko, Aizpittako Interpretazio Zentroa bisita dezakezu, meatze ustiapen zein Aizpeako historiari buruzko hainbat datu ezagutzeko. Ondoren, kiskalketa labeen ingurura abiatu baino lehen, Burdinaren Mendian barrena doan ibilaldi gidatua egin zenezake. Ibilaldi atsegin horretan, informazio-panelak topatuko dituzu, balio handiko natura-ingurunea ezagutzeko lagungarriak izango direnak.
Meategira iristean, meatzari guztiek duten helburu bera izango duzu zuk ere; beraz, ipin ezazu kaskoa, eta hartu pikotxa. Adituaren laguntzaz, mineralak bereizten eta ateratzen ikasiko duzu.
Meatze lanek gosetu egin bazaituzte, egon lasai: indarrak berritzeko, babarrun-jate oparoa izango duzu zain, meatzarien eran prestatutakoa. Esperientziak merezi du halako amaiera bikaina.

Ordutegia: Erreserbak egiteko Turismo Bulegora deitu (943 80 15 05).

Iraupena: Egun erdia

Gutxieneko taldea: 8 lagun

Prezioa: 35 €

Egin zure erreserba